2020ko uda hartan COVID-19a zabaldu zen, klima zoratu… eta fracking-ak porrot egin zuen

Date:  Comments: 0 - Permalink

Gogoratzen fracking industriaren iraultza? Petrolioaren urritzeari konponbidea ekarriko ziola, AEB bihurtu zela berriro petrolio esportatzaile… Kurt Cobb energian adituak kontatu du zer bilakatu den euforia hura Resource Insights webgunean plazaraturiko  Ipar Dakotako bluesa: fraking-aren heredentzia kronikan.

Ipar Dakotara (AEB) duela hamar urte iritsi zirenean petrolio berriaren bilatzaileak, agintariek bezala herritar gehienek besoak zabalik hartu zituzten. Bakken Formation hobian, bi kilometroko sakoneran, 3.000-4.000 milioi arbel-petrolio omen zeuden zain, nork aterako. Ingurumenaren aldeko militanteen eta lur sakratua defenditzen zuten Lehen Nazioen protestak gorabehera, hankaz gora jarri zuten lurralde osoa. Ez zuen asko iraun behar beroaldiak. Petrolioaren prezioak hondoratzeak estuasunean jarrita fracking-aren industria –errentagarri izateko petrolioa garesti saldu beharra daukana– errematea eman dio 2020an COVID-19ak ekarri duen atzeraldiak.

Fracking instalazio bat produkzio betean. (Argazkia: Bloomberg)

Industriako iturriek berek aitortua dute 2008tik hona fracking enpresek inbertitutako kapitalaren %80 suntsitu dutela. Kiebrak ugaritu dira sektorean. Ustiapen-bizi laburra duten putzuak itxi ahala beste berriak zulatu beharra dago, baina zulaketak arras gutxitu dira: 2019ko abuztuan Ipar Dakotan 48 zulatu ziren, aurtengoan 11 baizik ez. Estatu horretan, urte betean produkzioa gutxitu da eguneko 1,46 milioi upeletik eguneko 0,85 miliotara. “Ondorioak –dio Cobbek– Ipar Dakotan ez dituzte soilik sufritzen petrolioaren industriak eta horien kontratek. Beroaldiarekin batera hazi dira etxegintza eta zerbitzu publikoak ere. Hemendik aurrera izango ote da etxe horietan bizitzeko adina jende? Eta azpiegiturak bezala zerbitzuak ugaritu dituzten hiriek nondik eskuratuko dituzte horiek pagatzeko behar diren diru-sarrerak? Estatuko gobernuaren sarreren %53 petrolio eta gasaren zergetatik datoz eta hauek aurten %83 urriagoak izango direla uste da. Porrot egin duten konpainiek abandonatuta lagatzen dituzte zuloak, iturriak eta gainerako azpiegiturak. Garbiketa lanak ordaintzeko dirurik ez dute utziko gehienetan”.

Ipar Dakotan gertatzen ari dena mundu mailako testuinguruan kokatu du Antonio Turiel Martinez fisikari espainiarrak (Leon, 1970), CESIC Espainiako Ikerketa Zientifikoen Zentroan ikerlari aritzeaz gain, energia krisiaren inguruan mobilizatutako aktibista denak. The Oil Crash blogean idatzi duenez, “gogor eztabaidatzen den bitartean ea COVID-19 arra den ala emea, askoz modu isilagoan ari dira gertatzen hainbat fenomeno gure mundua sakon astintzen dutenak”. Horietako bat da neurri handi samarreko petrolio konpainien porrot masiboa. Soilik AEBetan, abuztua arte 55.000 milioi dolarreko galerak zeuzkaten metatuta. Ez da AEBetako fracking-a bakarrik gainbehera doana.

Abuztuan kiebra jo zuen itsaspeko petrolio bilaketan munduko konpainia handiena zen Valarisek. Petrolio industrian munduko kontratista nagusietakoa den Schlumbergerrek 21.000 enplegatu kaleratu ditu, asko murriztu zaiolako jarduera. Exxon multinazional mitikoa bera Dow Jones indizetik kanporatu dute, mende bat baino gehiagoz burtsako multzo hautatuan egon ostean. “Petrolioaren urrezko garaiak joanak dira eta ez dira itzuliko. Petrolioaren industria erori bada, berriz, ekonomia berpizteko itxaropenik ez dago”. Hainbesterako ote?

Abandonatutako fracking instalazio bat propagandistek Boomtown (beroaldi ekonomikoaren herria) bataiatu zuten Willinston herri inguruan, Ipar Dakotan. (Argazkia: Tim Marcin)

Deshazkunde bortxatua

Peak oil deitzen da erruduna. Energiaren Nazioarteko Agentziak duela bi urte  aurreikusi zuen 2025ean munduak eguneko 100 milioi upel petrolio eskatuko zituela, baina egarria 34 milioi upelen faltan geratuko zitzaiola ase gabe. Eskasia 13 milioi upeletara murriztea posible izango omen zen bi baldintza betetzekotan: AEBek fracking produkzioa hirukoiztea eta mundu osoan inbertsioak asko handitzea. Alderantziz esanda, onenean ere 2025erako munduko ekonomiaren odola den erregaiaren %13 faltako zela. Eta artean ez zen COVID-19rik.

Jada 2015ean nabarmendu zen tendentzia aldaketa petrolio ekoizpenean, handitzea gelditu eta doi-doi mantendu ostean, 2018an hasi zen beheraka. Horra zergatik ez zen peak oil-a 2015ean gertatu: AEBek fracking-ez lortutako petrolioari esker. Baina “mirarizko petrolio” hori ez zen eskuratzen ahal dirua metaka galdu barik, hain da garestia lurrari hura kentzeko teknika. 2016rako bistakoa zen fracking-ean inbertitzea dirua galtzea zela eta petrolio mota horren produkzioa %15ean txikiagotu zen.

Orduan azaldu zen Donald Trump bere Make America Great Again harekin, berriro AEBak munduko petrolio ekoizle nagusi bihurtzeari lehentasuna emanez. Eta bai, urteko 13 milioi upel ekoiztera iritsi ziren AEBak. Ez fracking-a errentagarriago bilakatzearekin,  baizik konpainiei zergak barkatu edo arintzearen poderioz. Alabaina, 2019an petrolioaren prezioak mundu osoan jaistearekin amaitu zen festa.

Fracking-a hondoratzen ari da, atzean sekulako zorrak utzita. Eta inork ez daki 2025erako iragartzen zen ekoizpen defizita nondik berdindu ahal izango den, petrolio konpainiak berak elektrizitatean eta bestetan inbertitzen ari dira ezinbestean. “Beraz –dio Turielek– ez zaitezte harritu petrolioaren (batik bat benetakoaren) inguruan gatazkak ugaritzen baldin badira, jada gertatzen ari den bezala. Denentzako adina petrolio ez baldin badago, istiluak izango ditugu. Orain ikusi beharko da nola kudeatuko den energiaren gutxitzea, zein herrialde izango diren kaltetuenak eta zeinek eutsiko dion hobekixeago”.

Horrela heldu gara 2020ko udazken konplikatu honetara, zeinetan metatu baita krisi sorta bat: COVID-19a, klimaren aldaketa bere beroaldi eta muturreko fenomenoekin –uda honetako urakan kopurua historikoa izan da–, Australiakoen ostean Brasil eta AEBetako suteak, 2008ko zor krisi konpondu gabea, peak oil-aren osteko petrolio krisia… Badira uste dutenak aurrekoak bezala krisi hau ere pasako dela, merkatuek eta gizakiaren jakintzak eramango dutela berriro garapen bidera. Beste batzuek, aldiz, uste dute dena elite batek planifikatutako jokaldia dela, konspirazio handi bat. Batzuek bezala besteek sinetsi nahi dute norbaitek gidatzen duela mundu zoratu honen norabidea eta horretan daude oker: “Inor ez dago lemazain, ezer baino lehen hori ulertu beharra daukagu. Ez norabidea aldatzeko, baizik eta norabide bat eduki ahal izateko”.

Aspaldi esana dago deshazkundea nahitaez gertatuko dela, edo era ordenatu eta zuzen batean, edota modu desordenatu eta bidegabekeriaz josian. Ikusiko. Baina metatu zaizkigun krisiek ez daukate konponbiderik lehengo zorrei zor berriak gehituta bakarrik.

Irakurketan sakontzeko, ARGIA aldizkarian erreportajearen koadro gisa joan den ondorengo informazioa gomendatzen dizugu: Frackingaren kiebrak: zorrak herritarrentzat eta kalteak klima, natura eta osasunarentzat

This content was originally published here.

About admin

Highlighted News:

Sorry, no posts matched the criteria.
Sorry, no posts matched the criteria.
Sorry, no posts matched the criteria.

No Comments

Be the first to start a conversation